MEGAWIND, Arantxa Tapia sailburuak Japoniako Global Offshore Wind Summiteko Euskadiko Energia Klusterraren standera egindako bisitan
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak Global Offshore Wind Summit (GOWS) azokaren irekiera ofizialean parte hartu zuen. Azoka Japoniako Kytakyushu hirian egiten da. Irekiera-ekitaldiaren ondoren, Euskadiko Energia Klusterraren standa bisitatu zuen. Bertan, 10 euskal enpresak offshore eolikoaren esparruan dituzten gaitasunak eta proiektuak azaltzen dituzte, “Offshore Wind Basque Country” marka bateratuarekin.
Arantxa Tapia sailburuak GOWS ekitaldiaren irekiera-ekitaldian parte hartu zuen Kytakyushuko alkatearekin, Energia Eolikoaren Japoniako Elkarteko (JPWA) lehendakariordearekin eta Danimarkako Energia Agentziako zuzendariarekin batera. Bere hitzaldian Euskadiko Energia Estrategia aurkeztu zuen, energiaren sektoreko euskal enpresen industria-gaitasunak nabarmendu zituen eta offshore eolikoaren balio-katearen parte diren enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko posizionamendua izan zituen ardatz.
Euskadiko Energia Klusterrak stand bateratu bat jarri du GOWSen, “Offshore Wind Basque Country” markarekin. Standean 10 euskal enpresak parte hartzen dute, offshore eolikoan dituzten gaitasun teknologiko eta industrialak azalduz, Japoniako kostaldean espero den offshore parke eolikoen hedapenari begira posizionatzeko helburuarekin. Hauek dira enpresa parte-hartzaileak: Ditrel, Hine, Irizar Forge, Kimua, Liftra, Nautilus, Nervion Naval offshore, Saitec, Sener, Slingsintt, Vicinay.
Euskadiko Energia Klusterraren standean, euskal enpresak eta zentro teknologikoak elkarlanean garatzen ari diren garapen teknologikoko hainbat proiekturen aurrerapenak ere erakusten dira, hala nola MEGAWIND, 15MW-etik gorako offshore aerosorgailuen monopilote motako zimendatzeeratarko, trantsizio-piezetarako eta bien arteko lotura-sistemetarako soluzio eta teknologiak.